andoni egana

Gurutzeak

2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Ekaineko lehen igandea. Pagoetako eguna guretzat. Gurutzera mendizalerik gehien hurbiltzen dena. Aste honetan bete ditu 89 urte gurutzeak. Errepublika garaia zen. Ez da kasualitate hutsa izango ordukoa izatea. 75 egun baino ez ziren pasatu Espainian Bigarren Errepublika indarrean jartzetik Ezkion Ama Birjina azaltzera. Hori ere ez zen kasualitatea izango...

Lehenagotik zetorren, ordea, mendi gailurretan gurutzeak jartzeko joera. 1899an, Leon XIII.a aita santuak, akaso mendi artean jaioa zelako, burutazio hori izan zuen. Tokian tokiko ordena erlijiosoetakoei agindu zien herritarrekin lankidetzan gurutzeak eraikitzeko mendi tontorretan. Iristear zen hogeigarren mendeari fedez eta energia berrituz heltzeko modua omen zen hori... Gu, berandu ibili ginen. Edo handinahiak irentsi gintuen. Gorbeiako gurutzea, esaterako, 1901ean kokatu zuten. Hogeita hamahiru metroko luzera zuen. Jesukristok urteak adina. Eta haizete batek eraitsi zuen zutundu eta hilabete baino lehen.

Horrelakoak gertatzen zaizkit niri. Eolikoei buruzko eztabaida pil-pilean dabilenean, gailurretako gurutzeak gurutzatzen zaizkit burmuinean. Eta ezin askatu. Ez didazue ukatuko, ordea, antzekotasunik badutela. Baita mende berriari diosala berandu egite horretan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.