andoni egana

Gure Europa

2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Anaforak indarra eransten dio diskurtsoari, ahozkoa denean. Esaldiak hitz edo esamolde bera erabiliz hastearen baliabide hori eraginkorra izan da luzaroan. «Mendian egiten dira egiazko lagunak. Mendian ezagutzen duzu zinez zeure burua. Mendian aurkituko duzu askatasuna», botako du mendizale suharrak, eta ez zaigu belarrietara gaizki sartuko. Ala bai?

Garaiak aldatu egiten dira. Egun, anafora darabilenak, jakin behar du esateko modu hori zaharkitua dagoela, lizundua, sermoi itxura hartzen duela jardun anaforikoak. Eta diskurtsoa ahozkoa bada, tira. Baina idatziz ez dago horrelakorik jasango duenik. 

Esan egingo zuen, baina nik irakurriz jaso dut. Europako Batzordearen presidentearen hitzak dira, Ursula von der Leyenenak: «Errealitate berriek prestakuntza maila bat eskatzen dute Europan. Gure herritarrek, gure enpresek, gure estatu kideek tresna egokiak behar dituzte, bai krisiak aurreikusteko, baita azkar erreakzionatzeko ere katastrofe bat gertatzen denean». Gure, gure, gure. Ez dakit sakonenean zenbaterainoko arrazoia eta ze interes izango dituen. Esamodua, atariko entziklopedia saltzailearena da. Baina… badaezpada, has gaitezen pilatzen gure esku-argiak, gure bateriak, gure kontserbak, gure ura, gure higiene pertsonaleko produktuak… Eta fededunak has bitez errezoan. Gure aita-rekin hasita, jakina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.