andoni egana

Guk ere...

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Ez da esaldi makurragorik «guk ere jasan behar izan genuen eta…» baino. Ezagutu izan dut, zortzi-bederatzi hilabeteren buruan menperatua menperatzaile bihurtzen. Soldadutzan gertatzen zen hori. Beti anker eta askotan ankerregiak ziren nobatadekin. Menperatu menperatzaileak beti zuen ezpainetan zintzilik ditxosozko esaldia: «Guk ere jasan behar izan genuen eta…».

Biarnoko eskola katoliko bateko sexu-abusuak eta indarkeria salatu dituzten unean, izugarrikeria horren baitan, zertzelada ez zait oharkabean pasatu. Honela zioen albisteak: «Erasotzaileen zerrenda bat ere osatu dute ikasle ohiek, hamar bat izenez osatua: apezak eta zaindari laikoak. Horiei gehitu behar zaizkie zaintza lanak eginarazten zizkieten ikasle zaharragoak». Ikasle zaharragoak. Biktima izanak, borrero bat-batean. Eginarazten zizkietelako eginarazi. Tuneleko ospela jasan ondoren sarreran jarri zaindari, inor irten ez zedin. Edozein sistema zapaltzailek premiazko ditu profesionalek atseden hartzen duten bitartean euren begi, belarri eta zigor izango diren horrelako laguntzaileak. «Guk ere jasan izan genuen eta…» esango dute inoiz epaile baten aitzinera heltzen badira.

Israeldarrek ere modu bertsuan zuritu nahi izaten dute zuriezina: «Guk ere jasan behar izan genuen eta…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.