andoni egana
HITZ ETZANAK

Gosaltzen

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Demagun norbait ostatu bateko terrazan gurin-opil bat eta kafesne kikara bat aurrean dituela harrapatu duela lagun batek. «Zer zabiltza?» ohikoa galdetu dio. Erantzunak utzi du ahoa bete hortz: «Hementxe. Goizean goizetik gorputzari biziraupenerako premiazkoak dituen elikagaiak eskaintzen». Tamaina horretako eufemismoak askotariko sustraiak izan ditzake. Adarra jotzen ari zaio lagunari; hizkuntzarekin jolasean ari da; oso pertsona bitxitzat dauka bere burua eta ez du maite «gosaltzen ari naiz» bezalako arrunkeriatan jaustea.

Atzo, berripaper hau irakurtzen ari nintzela, tankerako sentimendu bat izan nuen une batez, Maider Etxebarria PSE-EEren Gasteizko alkategaiaren hitzak irakurtzean. Bere lanean alemana, frantsesa eta ingelesa erabili izan omen ditu, eta, orain, «euskarazko profila gehiago definitzen ari naiz». Ezustean harrapatu ninduen. Ze arraio ote da euskarazko profila gehiago definitze hori? Zer da profila? Zer da profila definitzea? Gehiago definitu beharreko zerbait da profila? Ez nuen deus ulertzen.

Gero, azken hiru urteetako oporrak seme-alabekin barnetegi batean euskara ikasten eman dituela jakitean, lasaitu egin nintzen. Nire hizkuntzan ari zen. Baina zer kostatzen zitzaion hasieratik «gosaltzen ari naiz» esatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.