Sumatzen nuen bazetorrela, baina aste honetan entzun diot estreinakoz norbaiti «gora etorri nintzen» esamoldea. Ez nion deus esan, aski behera jausi zela pentsatu arren. Lainezatuta, haizatuta, harroxkotuta, eder-begira… ibili zela esan zezakeen.
Laineza. Segur aski adinarekin joan egiten den gaixotasun bakarrenetakoa. Hala pentsatu nuen Euskadiko ikasleei eta droga-menpekotasunari buruzko txosten batean datua argitara eman zenean: gazteen artean azken bost urteetan behera egin du dirua jokatzeko ohiturak, dela kirol-apustu, dela karta-joko. Ondo. Baina zertzelada bat ageri zen txostenean. Gaztetxoek bakarka jokatzen dutenean era moderatuan jokatzen dute; apustuak trinkoagoak dira taldean jokatzen dutenean. Kontxo! Laineza. Taldekoa izatearren edozer egiteko prest geundekeen adina. Lagunik txarrena ere gurasorik onena baino hobea den edadea. Eta hori ez da droga bat. Bizitza da. Gehienok entzungo genuen noizbait «eta lagunek bere burua botatzen badute zubi batetik, zer egin behar duzu, zuk ere salto?». Baietz erantzuteko tentazioa sumatuko genuen.
Azken batean, pertsonak ekintzarik jasoenak eta makurrenak taldeko izatearren egiten ditu. Gaztetan, sinetsita eta lainezaz; adinarekin, ezinbestean eta erdi lotsaturik. Baina egin.