Eguberriek gero eta gutxiago dute gaztaina erreen txipli, txapla, pum! hotsetik eta gero eta gehiago txip eta txat-etik. Ez da berez seinale txarra, eta hala beharko du. Baina Eguberrien ezaugarri funtsezkoa da urtean zehar nekez topo egiten duten belaunaldiak elkartzearena. Ziur nago, gainera, etxerik gehienetan adintsuenak mimatzeko ahalegina egiten dela.
Aurten, gurean, gonbidatu berri bat izan dugu, orain arte sekula azaldu ez zena. Egia da jan-edanean ez zuela gastu handirik egin, otordua amaitzen ari ginela azaldu zen eta. Azaldu bazen azaldu zen, ordea, delako ChatGPT-a. Helduok jarri genuen abian, baina haur eta gaztetxoek gustura hartu zuten. «Egidazu orri beteko idazlan bat ekologismoari buruz, DBH 2ko haur batek eskolan aurkezteko modukoa». Egin zuen. Ez gintuen askietsi. Datu zientifiko gehiago eransteko eskatu genion. Barkamena eskatu, eta egin zuen. Joanes pozik, erabat interesaturik. Hamaika urte ditu eta mundu bat zabaltzen sumatu zuen. Egunsentiari buruzko soneto bat eskatu genion gero. Egin zuen. Eskasa. Neu pozik. Ondoren Realaren historiako hamaikakorik onena eskatu genion. Eta gero...
Han zeuden txipli, txapla, pum!-en garaietan hazitako aitona-amonak ere. Entzun, dena. Ulertu, gutxi. Jolasen inspirazio iturri ChatGPT-a, zoru sendoagoa behar zuten. Esaterako, musa. Ez ginen hastera ere iritsi.