Ez dago jakiterik hala zen, duela mila urteko kontua da eta. Baina Ixidro gazteak lanera berandu helduzalearen ospea omen zuen. Ez da harritzekoa. Vargas izeneko lur-jabe batentzat egiten zuen lan, oraintxe kristau eta oraintxe musulman zen Madril ibaiertzeko hartan, eta besterentzat ari denak ez du bere buruarentzat ari denak adinako lan-grinarik izaten.
Baina behin hasten zenean ez zen edonor. Goldaketan batik bat, mirariak egiten zekiena zen. Nagusiak behin lasai ederrean eserita harrapatu omen zuen. Demandan hastera omen zihoan, baina isildu beste erremediorik ez zuen izan nonbait. Idiak euren kabuz ari omen ziren zelaian gora eta behera goldearekin. Mirariaren bertsio sofistikatuago batek dio Ixidro gazteari goizero elizara errezora joatea gustatzen zitzaiola. Eta bera elizan zen bitartean, aingeruek egiten ziotela itzain lana.
Santu egin zuten gerora Ixidro. Lehen santu laikoa. Emaztea eta semea zituen santua. Eta nekazarien santu izendatu zuten, gainera. Badu laborarien artean itzala San Isidrok. Eta ez Madrilen bakarrik. Baita gurean ere. Ulertzekoa da zerbaitetan sinetsi beharra. Errezatu eta goldaketan, bietan egingo zuten joan den mendeetan nekazariek. Baina ez dut bakar bat ezagutu elizatik bueltan lurrak goldatuta aurkitu dituenik…

HITZ ETZANAK
Goldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu