andoni egana

Goiz hura

2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Kosta zitzaion, kosta. Udazken hasieratik are gehiago gorroto genuen gizon hura. Etxean, adi entzuten genuen, gauero, ohiko mediku taldearen partea. Bazirudien berehala iritsiko zela berria, eta ez zen iristen. Harik eta iritsi zen arte. «Franco ha muerto», bota zuen telebistaz Arias Navarrok malkoei eutsi ezinda. Hura poza! Ez geunden ohituak tamaina horretako albiste on bat behar bezala ospatzera…

Guretzat, oso egoki hil zen Franco diktadorea. Ostegun batez. 14 urte genituen, eta eskolako atarian elkartu ginen kuadrillakoak. Eskolarik ez. Ondo. Bost-sei lagun geure kabuz banandu atarikoetatik eta kalean zehar noraezean genbiltzan. «Euskadi askatu da ja?», galdetu zuen batek. Besteok ez genuen erantzuten jakin. Ume-aroan ikastolako irakasle izan genuen baten etxepetik pasatzean, haren etxera igotzea otu zitzaigun, poza elkarbanatzera. Eskura zeukana eman zigun. Txanpon mordoxka bat eta eskukada bat puru. Eta horrela ospatu genuen guk Francoren heriotza: parrokiako simitarioan puruak pizten ahaleginduz, eta txanponak herriko Juegos-etako futbolinetan xahutuz.

Orain, ordutik mende erdia beteko den honetan, xextran dabiltza Espainiako Gobernua, oposizioa eta gainerako taldeak, urteurrenari eman behar zaion tratamenduaz. Dakidan bakarra da, ospatzeko zinezko grina dagoenean, modurik makarrena ere ederra dela. Geu lekuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.