Euskadi globala aurkeztu berri digu Imanol Pradales lehendakariak. Ez da lelo soila. Idazkaritza oso bat da, kanpo ekintza eta harremanetarakoa. Lehendakariak esan zuenez, aurrerantzean ez genuke aski izan behar mundura irtetearekin. Munduan egon egin behar dugu. Mundua den zelai zabal horretan jokatu partida. Jakin-minez eta ausardiaz.
Hitzak hitz dira, ordea, eta hatzak hatz. Aski da hatz bihurri batek zentimetro bat ezkerrera egitea teklatuan, Euskadi globala zena Euskadi glovala bihurtzeko. Eta hori ez da hain samur sartzen begietara. Etxez etxeko banaketa enpresaren izena dakar gogora, eta, horrekin batera, autonomo faltsuak, zapalkuntza, menpekotasuna, lan baldintza negargarriak… Horixe bakarrik behar genuke! Euskadi bat, kanpora begira globala eta barrutik glovala!
Hatzak bakarrik ez. Hitzak ere bihurriak dira. San Joan baleontziaren aurrean egin zuen lehendakariak Euskadi globala-ren aurkezpena. Leku egokia. Jakin-minaren eta ausardiaren isla izan daiteke batetik. Bestetik, Euskadi Euskal Herriago bihurtzen du, oker ez banabil, baleontzia egiteko zura Nafarroako Sakanatik ekarria da eta. Hitzak azti, ordea! Globo-ren jatorri bera du aglomeratu hitzak. Nik zurezko herri bat nahi dut. Pentsatua, ez prentsatua, kalkatzearen kalkatzez forma hartzen duena eta edozein hezealditan ur-handitu eta zapuztuko dena.