Bizikletak udarako zirela ikasi genuen Fernando Fernán Gómezek antzerkirako idatzi eta Chavarrik zinemara eraman zuen lan hari esker. Baina gai nagusia ez zen bizikleta. Gai nagusia, gerra zibila eta gerrak sorturiko gabeziak eta gosea ziren. Uda eta gerra, biak uztar ditzake bizikletak...
Bigarren Mundu Gerran, aliatuek Normandiako itsasertza hartu zutenean, britainiar askok paraxutetan egin zuten jauzi. Eta paraxutei loturik, bakoitzak bizikleta bana. Etsaien menpe zeuden lurretan bizikletaz distantzia luzeak egin ahal izango zituztela pentsatuko zuen norbaitek. Eta aski isilka. Kanadarrek ere bizikleta banaz jo zuten itsasertzera itsasontzietan lehorreratuta. Britainiarrak, kanadarrak... soldadu ziklista mordoa Frantzia okupatuan. Diotenez, noraezean ibili ziren asko, zehatz-mehatz nora jo ez zekitela. Eta bizikletak, han-hemenka, abandonatu egin zituzten, hamar-hamabi kilo gehiagorekin ez joatearren.
Gaur, Frantziako Tourrean lurbideak gaindituko dituzte, nobedade gisan. Badakit etapa ez dela Normandiatik hain gertu. Baina nork daki soldadu haiek noraino iritsi ziren eta non utzi zituzten bizikletak! Begira-begira egongo naiz lurpetik kukuka freno puntta bat edo platera baten hortzak noiz ikusiko. Edo koadro bat. Surrealista, jakina.