Urteberriari zortzi ordu t´erdi baino jan ez dizkiogunerako ohartu da argi datorrela eguna. Haize leuna. 17-18 graduko hozberoa. Kalean ez dabil ia inor. Isiltasun ia erabatekoa. Txorien kantu-hotsak oso nabarmen. Kaleen esnaera geldo honek itxialdiko egunak ekarri dizkio gogora. Balkoi beretik egoten zen orduan ere begira…
Behaketak zerbaitetarako balio izan dio. Builosoen rankingean mendi-bizikleta zaleak ipini ditu zerrendaburu. Ulertzekoa iruditu zaio. Oinez —mendira edo paseatzera— pasatu direnak, bakarka zihoazen, edo binaka. Binaka zihoazenak, gehienak bikote zirela erabaki du, egunagatik, orduagatik, eta isilik zihoazelako, elkarri esatekoak aspaldi esanak segur aski. Lasterka pasatu direnak ere isilik pasatu dira, mantso joan arren, eta nahiz urtats izan, korrika doanak ez baitu hausporik izaten aldi berean berriketan joateko. Mendi-bizikletakoek arrazoi guztiak dituzte oihularien zerrendan nagusitzeko. Taldetxotan pasatu dira; kale artean ordekan doaz, arnasarik berotu gabe artean; eta ez doaz elkarrengandik hurbilegi.
Horrela jakin du, balkoitik mugitu ere egin gabe, ze ibilbide burutuko duten, aldaparik pikoenak non dauzkaten eta zenbatsu watio mugituko dituen taldeko berritsuenak. Goiz isilen abantaila…
HITZ ETZANAK
Geldo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu