andoni egana

Geldirik

2025eko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Asko dira umezaroan, nerabezaroan edo gaztaroan gaixoaldi luze edo larri samarren bat jasan zutela dioten sortzaileak. Horrelakoetan, umeari edo gaztetxoari mundua aldatzen zaio. Eskolara joan gabe geratzen da gehienetan. Etxean. Lehen zuen mugikortasuna galtzen du eta beste era batera mugitzera behartua sentitzen da. Lehengotik bakandua, beste mundu bat eraiki beharko du. Zenbaiten kasuan, izan daiteke hori gerora gorpuztuko den sortzailearen ernamuin…

Adibide bat aipatzearren, ezaguna da Frida Kahlo margolari mexikarrarena. Sei-zazpi urte zituela jo zuen poliomelitis gaitzak. 18 zituela, autobus batean zihoala, istripua izan zuen. Haustura ugariak sendatzeko, 32 ebakuntza behar izan zituen. Ohealdi luzeak. Eta gerora, lan bat, mundu osoan erreferentzial bihurtu dena. Euskal Herriko mendien eta ibaien karta jokoa asmatu eta kaleratu duen Asier Urrutikoetxearen hitzak zetozen atzo berripaper honetan: «Zoritxarrez, belauna apurtu nuen eta denbora asko pasatu behar izan nuen etxean. Zer egin ez nekiela, Gernika-ren puzzlea egin nuen, 100.000 piezakoa. Hori amaitu nuenean, joko bat sortzea otu zitzaidan». Belaun bedeinkatua!

Haurra gaixorik edo min hartuta daukan gurasoak haurraren gaitzaz arduratu behar du. Baina ez dadila neurriz gora kezkatu eskola galtzen ari delako. Agian mundu bat irabazten ari da…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.