Askotan irudituko zaigu gehiegikeria. Jatetxe batera joan eta postreen zerrendan ijito-besoa daukatela esan ordez nomada-besoa aipatzen badigute, grazia egingo digu, eta gehiegikeriatzat joko. Lehen aldian behintzat bai. Baina eskertzen ditut nik hasieran gehiegikeriatzat jotzen ditugun horiek ere. Nahi gabe min non eta zerekin eman daitekeen detektatzeko baliagarriak dira.
Duela gutxi gertatu zaigu. Elkarte baten sorreraren 50. urteurrena zen eta, bertsotan egiteaz gain, sariak ere bertsoen bidez ematea proposatu ziguten. Ohikoa. Ondo. Paper batean ekarri zizkiguten hamar lagunen izenak. Bi sailetan banatuak, ordea. Bazkide sortzaileak ziren sei-zazpi. Alargunak hiru-lau. Eta bi kategoria horien izenburuek krakatekoa eragin zigun sariak aurkeztu behar genituenoi. Bazkide sortzaile guztiak, jakina, gizonezkoak ziren; alargunak, guztiak emakumezkoak. Alargun deitu behar genien batzuei? Ez zegoela arazorik esan ziguten antolatzaileek. Batzuek zein besteek gustura hartuko zituztela sariak. Baina gauza bat da gustura hartzea eta bestea eroso ematea. Eta duela urte gutxira arte deserosoa ez zitzaiguna deseroso zitzaigun orain, zorionez. Nolabait egin genuen, bi kategoriak esakeran ez bereizteko modua…
Begi-garunak zorrozten zaizkigu hasieran gehiegikeriatzat jotzen ditugunei esker. Izan bitez ongi etorriak.