Guardian Glass enpresaren inguruan sortu diren istiluei buruzko atzoko erreportajean, honakoak ziren Kerman Garralda Zubimendiren argibide batzuk: «Guardian lantegiari estimu handia diote Laudion eta Aiaraldean. Villosa izenpean sortu zen duela ia ehun urte, eta garairik oparoenetan mila langile baino gehiago zituen. Soldata onak zirela oroitu dute langileek».
Ez dakit zergatik. Garunaren funtzionamendua xelebrea delako, abestia bera garaitsu hartakoa izan daitekeelako, labe-tximiniek afera honetan hartu duten garrantziagatik… auskalo zergatik, umetan amonak toteltzen zigun kantu baten zatiak etorri zaizkit gogora: «Ola, ola, tximinitik gora, kea dariola… Ola, ola, erreka poxpola etxe atarian…». Ola hori ez zen lantegia. Baina balitz ere, litekeenagoa da egun etxe atarian erreka poxpola bat pasatzea lantegia izatea baino. Deslokalizazioak jango gaitu.
«2012an Ameriketako Estatu Batuetako funts batek bereganatu zuen enpresa eta erroetatik aldatu zen» dio Kerman Garralda Zubimendik. Labe nagusia suntsitu eta beste norabait alde egin nahi izango dute enpresariek. Bitartean, bertako langileak itolarrian. Eta paradoxak nonahi: beira ekoizten duten lantegi batean, gardentasunik batere ez. Labea itzali ala ez edo noiz-nola itzali kontu horretan, Jaurlaritzaren bitartekari lana, langile eta sindikatuek diotenez, epela.