Ez nion arreta handiegirik jartzen, eta kosta egin zitzaidan konturatzea. Pasadan harrapatzen nuen telebista-kate bat gehiago baino ez zen niretzat Real Madrid TV. Ez dute lehen taldearen partidarik zuzenean emateko eskubiderik izango, eta lehen jokatuak errepikatzen dituzte behin eta berriz. Ez nintzen berehalakoan jabetu. Real Madrilek irabazitako partidak baino ez dituzte ematen. Berdin du orain hogei urtekoak izan, duela bostekoak edo joan zen astekoak. Baina irabazitakoak bakarrik.
Xelebrea iruditu zitzaidan errealitatea murrizteko era hori. Ulertzekoa ere bai. Azken batean klub jakin baten telebista-katea da eta nahieran uler dezake bere mundutxoa. Baina guztiok antzeko joerak ditugula otu zitzaidan gero. Guztiok ezkutatzen ditugu gure miseriak eta porrotak, eta behin eta berriz azaleratzen garaipenak.
Orain, politikari bat iraganeko edo gaur egungo kontuen berri ematen ari denean, «ari da Real Madrid TV» pentsatzen dut nire baitan; agintariren bat egitasmoren bat —egina edo egin gabe dagoena— aurkezten ari bada «Real Madrid TV da hau ere!» etortzen zait burura. Amorrarazi egiten nau hain sustraitua daukagun joerak. Arlo pribatuan giza ahultasuna adierazten du. Asmo txarra, publikoan. Egiaren zati bat kontatzea gezur handia da. Maizago fio naiz fikzioaz. Gezur txikien bidez egia handiak konta daitezke…