andoni egana

Gandua

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Egun ona neukala sumatuz gero hurrenkerak ez zuela axola. Baina egunari gogogabeturik, ezkor, etsita ekin banion erne ibiltzeko bota zidan behin lagun xelebre batek. «Horrelakoetan, beti, lehenengo dutxa hartu, eta gero, segidan, bizarra egin, hortzak garbitu eta gainerakoak». Gandua omen zen gakoa. Dutxako uraren beroak ispilua gandutzen omen zuen, eta gandua lagun ona zela egun bihurrituetan norbere irudia argiegi ez ikusteko. «Lehenaz gainera ez deprimitzeko modua hori da», oparitu zidan aholkua.

Palestinako Estatuaren aitortzak eman du zer esanik azken egunotan. Aitor Esteban EAJko eledunaren hitzetan, aitortza sinbolikoa da, baina balio izango du Israel ohartarazteko. Honako hitzak erantsi ditu: «Israeli laster iritsiko zaio ispiluan begiratzeko ordua, eta ez zaio gustatuko ikusiko duena».  

Nago Israelgo agintariek ongi ikasia izango dutela lehenengo dutxa hartu eta ondoren ispiluaren aurrean jartzearen trikimailua. Edo okerrago litzatekeena: ispilu gandutugabean ere, itsuaren itsuz, ez dutela itsusi ikusiko euren burua. Itsutuak ez baitio beldurrik ispiluari, atzealdean, mehatxatzaile, itzalen batzuk sumatzen dituen arte. Itzal horiek, Nazioarteak, Europak, guk... izan behar genuke. Baina, itxura denez, mamu izateko ere ez dugu balio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.