andoni egana
HITZ ETZANAK

Ganbara

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Jaiotza deitzen gerora ikasi genuen. Naximentua deitzen genion umetan eta kitzikagarri zitzaigun mendira goroldio bila joatea, ganbaratik kaxak ekarri eta zabaltzea, figuraren bati ertzen bat falta zitzaion ikustea, erreka egiteko txokolate tabletaren zilar-papera gordetzea... Naximentua osatzeak berak zuen grazia. Behin jarritakoan han egongo zen. Ez genion kasu handirik egingo.

Ada Colau Bartzelonako alkate denetik hiriko jaiotza ez da ohikoa izaten. Bizitzaguztianholaxeizanda zaleek ez diote joera aldaketa barkatzen. Aurtengoa Sant Jaume plazan jarri dute eta Arteaz deus gutxi ulertzen dudan arren, izugarri gustatu zait. Paula Boschek egindako jaiotza ganbara bat da, egurrezko kutxaz betea. Eta kutxa bakoitzean mila trepeta daude. Figurek ere, urtarrilean erdi-perezaz erdi-presaka gorde izandakoen itxura eta lekua dute: Jesus haurtxoa goian, Ama Birjina hemen, astoa han, idia urrun eta San Jose zurrun. Baina han daude baita ere, familia argazki horaildu bat, egun handietarako gordetzen den kuberteria luxuzkoa, torloju mordo bat...

Umeak segituan kokatzen du misterioa, ez haurraren etorreran, ganbaran baizik. Gero heldu egingo da eta ahaztu egingo zaio. Jaiotza honek berriz ume bihurtzeko aukera eskaintzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.