andoni egana

Galdua

2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Zer edo nor/non bezain galdua? Eman izan ditudan askotariko eskoletan, ikasleei eginarazten diedan ariketa bat da. Konparazio gaitasuna lantzeko. Pobrea iruditzen baitzait oso, azken bolada luzean nagusitu den esamoldea: «Galdua ez, hurrengoa». Ez izan alferrak! Asmatu konparazioak!

Zer edo nor/non bezain galdua? Joaquín Sabinak Así estoy yo sin ti kantuan «galdua… manikiaren begia bezala» esaten du. Ez da zaila tankerako esaldiak asmatzea. «Galdua… Trump irakurle talde batean bezala»; «Galdua… moja bat Eskorbutoren kontzertu batean bezala»; «Galdua… sofapeko txanponaren modura»…

Atzo, emakume bat sumatu nuen, nire ondo-ondoan, galdua. Errehabilitazio saioa nuen herrian bertan. Adin askotako bezeroak, igurtziaren igurtziz —inon baino egokiagoa da esamoldea— adiskide bihurtzen ari garenak. Fisioterapeuta talde jatorra eta abila. Eta emakume bat, lehenengoz iritsi zena. Janzkeragatik antzematen zitzaion musulmana zela. Gizonezko bat aldamenean. Hurbildu zitzaien fisioa adeitsu. Imintzioka galdetu zien ea buruko zapia ken zezakeen. Ezetz, uzkur. Ea soineko arroparen bat ken zezakeen. Isiltasuna. Ea barrura jo nahiago zuten. Baietz gizonezkoak. Errezelak urritu zizkien errezeloak. Emakume hura hain sumatu nuen galdua, hizkuntzaz, ohituraz, menpekotasunez! Hurrena egokitzean irribarre egin behar diot etxeanago senti dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.