andoni egana

Gailurra

2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Honako edo halako gertatu zen unean eta egunean non zenbiltzan eta zertan ari zinen beti gogoan baduzu, seinale honako edo halako hura garrantzitsua izan zela zuretzat.

Berrogeita lau urte joan dira, eta ez dut gogoan gau-eskolak ziren, edo AEK zen ordurako; ez dakit zehazki egun hartan eskolarik eman genuen ala ospakizunaren aitzakian txikiteora irten ginen. Erdi eta erdi egingo genuen ziurrenera; ez dakit zenbat ikasle nituen. Zortzi, hamar, hamabi?... 1980ko maiatzaren hamalau hark euskara irakasle hasi berri harrapatu ninduela ziur nago, ordea. Eta eskolak egun Oteiza Lizeoa den horretan ematen genituela ere seguru nago.

Martin Zabaleta hernaniarrak egin berri digun bisitak oroitzapenei hautsak kentzeko balio izan dit. Ahaztu egiten zaigu nondik gatozen. Bi zertzelada baino ez.  Etxean, kuadrillan, unibertsitatean, euskara-eskoletan… euskaraz komentatu genuen albiste pozgarri hura gazteleraz iritsiko zitzaigun seguru seguru. Artean ez zen Euskadi Irratirik. Ezta Euskal Telebistarik ere. Eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera urrun zegoen. Gazteleraz iritsi eta euskaraz bizi. Egun, juxtu kontrakoa gerta daiteke: euskaraz jaio, eta erdaraz bizi. Baina oro ez da iragan-min. Orduan ikasle nituen batzuekin badut oraindik harremana. Euskaraz. Haiek ere harrapatu zuten noizbait gailurra…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.