Fundatu: garai batean erabiltzen zuten aditza, antza. Gipuzkoa inguruan behinik behin oraindik entzuten da tarteka, San Inazioren ereserkia buruz dakien asko baita. «Fundatu eta dezu armatu, ez da ez etsairik jarriko zaizunik…».
Fundamentua: hau ere garai batean sarritan erabiltzen zen hitza. Eta maiztasun hori frogatzeko bada adibide bat. Asko ziren 1950-1960 aldera Espainiatik hona etorritako langileak. Horietako asko euskaraz ikasi gabe hil ziren. Batzuek, halere, lantegian edo txikiteoan hitz solteak ikasi zituzten. Bat baino gehiagori entzun diet, «egun on», «beste bat» edo «gabon pasa»-rekin batera, «non da fundamentua?» esamoldea. Euskaldunon artean hitzetik hortzera erabiltzen zen seinale…
Fundazioa: irabazi asmorik gabeko elkartea. Sortzaileen helburu nagusia elkartearen ondarea guztiontzako interesa duten helburuak lortzeko erabiltzean datza. Helburu horiek izan daitezke gizarte laguntzari dagozkionak, hezkuntzari, ikerkuntzari, kultur arlo jakinei…
Atentzioa eman zidan joan den igandeko berripaper honetan Aberri Egunari buruzko iritziak jasotzeko bost taldetara jo, eta horietatik hiru fundazioak izateak. Olaso Dorrea fundazioa, Agirre Lehendakaria fundazioa eta Sabino Arana fundazioa. Aztertzen dute iragana; aztertzen egungoa; irudika dezakete etorkizuna. Baina fundazio batek inor hunki dezake?