Fikziozko lan bat balitz, sinbolismo apur bat eranste aldera, makur-makur eginda intzirika eta uluka hasi zen emakume gazte hura jaki-edari izoztuen sailaren parean jarriko nuke. Edo garbitasun-trepeten apalaren aurrean...
Baina ez zen fikziozkoa joan den astean bus geltokitik irten eta hurbileneko supermerkatu batean intzirika eta uluka hasi zen emakume hura. Langile eta bezeroak hurbilduko zitzaizkion. Ea zer gertatzen zitzaion. Ea non zuen min. Ea... Emakumeak adierazi zien marokoarra zela. Senarrarekin eta hiru haurrekin iritsi zela. Andaluziatik Valentziara bidali zituztela eta Valentzian autobus batean sartu zituztela Donostian norbaitek behar bezalako harrera egingo ziela aginduta. Iritsi ziren Donostiara, eta lurpeko parking bat aurkitu zuten zain, etorkizuna bezain iluna. Etsipenak jota hasi zen intzirika, nork entzungo. Telefono dei bat. Bost minutu. Bi ertzain. Eta eraman zituzten bostak, bi maletatxo baino ez zintzilik, norabait.
EHUren Lupak Behategiak egin duen ikerketa batek dioenez, gipuzkoar gazteen %40k paperik gabeko migranteak mehatxutzat dauzkate. Gupidarik gabe batetik bestera ibili duten emakume honen familia ere mehatxutzat hartzen dugu? Horregatik jarriko nukeen emakume hau, fikziozkoa balitz, jarri dudan lekuan. Izozturik uzten du edonor zenbaitek duen garbitasun kontzeptuak.