andoni egana

Ezina

2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezina gara, zerbait bagara. Egunkari honen atzoko lehen orriak ongi baino hobeto irakasten digu hori. Ezinak ere baditu graduak, eta hori ere ongi islatzen zen lehen orri horretan. Jo dezagun handitik txikira, nahiz handi-txikiak betiere norbere kokalekuaren arabera sentitu eta neurtzen diren.

Ibrahim Talal Abu Saif Gazako herritarrak hala zioen: «Ezin dugu etorkizunik irudikatu; ez dugu sinesten inoiz helduko denik». Gogorra behar du etorkizuna, etsiaren etsiz, irudikatu ezinak!  Baita iragana behar bezala —eta dagokienek— argitu ezina ere. Hori salatu dute duela 41 urte Pasaian poliziak segada batean hil zituen lau militanteen senideek. Aitortza —berandu eta nekez—lortu dute, baina sarraskia nork agindu zuen argitu nahian dabiltza, justiziarik lortu ezinda. Etorkizun hurbila eraldatu ezinda dabiltza, berriz, Arratzua-Ubarrundiko EH Bilduren zinegotziak. Dimisioa eman dute Jaurlaritza eta Solariaren eguzki parkearen proiektua ezin izan dutelako geldiarazi. Donostia ospitaleko langile eta bezeroak, berriz, ezin aparkatuta gabiltza, protoi terapia unitatearen eraikin berria egitearekin aparkatzeko lekuak asko urritu baitira. Eta, non eta han, aparkatu ezina arazo larri bihurtzen da askorentzat.

A ze ezin zerrenda begi kolpe bakarrean! Ezina kontatu ahal izatea ere zerbait badela pentsatuz kontsolatuko gara…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.