Ez zen beti irria ezpainetan zuela ibiltzen. Pipertu ere egiten zen Lazkao Txiki tarteka. Eta piperraldien arrazoi, askotan, euskara izaten zuen. Bere senaren aurkako euskarazko hitz edo esamoldeak entzuten zituenean, ez zen iritzia eman gabe geratuko. «Desagertu? Euskara iruditzen al zaik hiri desagertu? Eguzkia zer egiten da, desagertu? Eguzkia ezkutatu egiten duk, motel!». Ez zen gazteleratik harturiko aurrizkiaren oso zalea. «Des, des, des... hasi behar al dugu guk ere?».
Atzoko albiste bat adi eta erne irakurriko zukeelakoan nago. Kremlinek adierazi du «70 terrorista ukrainar» baino gehiago «ezereztu» dituela Belgorod eskualdean. Buruari hazka egingo ziokeen lehenengo. Gustatuko zitzaiokeen ezereztu hitza. Baina kopeta ximurtuko zukeen ondoren, eta zalantzak kanporatzen hasiko: «Ezereztu ondo zagok baina gerran, ke artean, hitzen zentzua ere lanbrotu egiten duk. Zer egin ditiztek, armagabetu? Harrapatu eta kartzelara eraman? Hil?».
Segur aski ezereztu horrek hil egin dituztela adierazi nahi duela esango dio norbaitek ondotik. Eta orduan irribarre bihurria loratuko zaio Joxe Mieli. «Eta gorpuak azaldu al dira? Igual esango didak orain gorpuak desagertu egin direla? Ezkutatu egingo zizkiaten, motel. Ezkutatu!».
HITZ ETZANAK
Ezereztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu