andoni egana

Ezaz

2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Gazteleraz esan zuen. Lankide bat kritikatzen ari ziren eta ni ez nintzen kanpotik zetorren entzule bat baino. Bat zetozen lankide horren gabezia askotarikoei buruz. Ez zuen bere lanik ongi egiten eta gainerakoek egin behar izaten zituzten hark egin gabe utziak; ez zen jarreraz atsegina; ez zion taldeari inongo ekarpenik egiten; ez zuen lantegiz kanpoko bileretan parte hartzen... Eta halako batean, begitarte serioz eman zuen batek epaia: «Txakurrik ere ez dauka eta!».

Ahoa bete letagin geratu nintzen. Ez nuen deus esan. Kanpokoa nintzen talde hartan. Baina eman zidan zer pentsatua. Ume baino txakur gehiago dauzkagu. Txakurren elikaduraz geure buruarenaz baino gehiago kezkatzen gara. Gai gara gure gutiziei men egin ez eta txakurrarenari egiteko. Gai, txakurrari «maite» eta bikotekideari edonola deitzeko. Maskota premia larri honek zerbaiten seinale izan behar du derrigor. Nolanahi ere, pertsona baten alde ahulen artean txakurrik eza sartzea gehitxo iruditu zitzaidan.

Aukera-aukeran, ia nahiago nuen garai bateko esamoldea entzun izan banu. Pobreak izendatu nahi zituenak, pobreak gutxietsi eta iraindu, «txakur txikirik ere ez dauka eta!» esaten zuen. Aporofobia deitzen zaio gaixotasun horri. Berri honi nola deitu beharko geniokeen asmatzen ari naiz...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.