Iñurrategi anaiek lehen zortzimilakoa burutu zutenean, miresmenez ari ginen haien balentriaz. Mañu tartean sartu zen arte. «Zer duk ba hori?», bota zigun. «Ni hilabeteetan egoten ninduan ehundaka ardirekin hamar mila metrora». (Barre egin genuen, baina gerora jabetu ginen Ameriketan oinetan neurtzen dela altuera); oholtzakideoi behin bota zigun guk bagenituela bikotekideak baina bera ez zela gutxiago, bazuela laguna berak ere, «Kubako brasileña bat». (Azkenengoz elkartzeko zoria izan genuenean Rebeka bere zaintzailea nongoa zen galdetu eta «Bolonbiakoa» erantzun zigun. Barre egin genuen baina...); behin, irakasle paperean ni, galderak egin behar nizkion Mañu ikasleari. «Verbo amar-en pluskuanperfektoa» eskatu nion, eta berari aljebraz ez galdetzeko erantzun zidan. (Barre egin zuten entzuleek baina...)
Munduan ibiltzeko, plazan jarduteko, ezagutzak oinak laburrak ditu. Ezaguera da premiazkoa. Eta horretatik, senetik, egokitasunetik, sentiberatasunetik... asko zuen Mañuk. Horrexegatik egin dugu negar.
Mundu hau bestela ikusten zekiena, auskalo nola dabilen beste munduan. Hamar mila metrotik gora ibil daiteke han; han ez da mugarik, ez Boliviarik, Kolonbiarik, Brasilik edo Kubarik; han gramatika aljebra bihurtzen da, «(h)amar» beti euskaraz delako...
HITZ ETZANAK
Ezaguera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu