Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren ahotan entzun dugu: «Ez dakit». Eta esanari, «ez da erraza» erantsi zion pare bat aldiz. «Hasieratik gabiltza berandu» entzutea sumatu nuen faltan.
Poliziaren ikuspegitik, ulertzekoa da ezjakintasunaren onarpena. Maialen Mazon ez zen erkidegoan bizi. Tarteka etortzen zen jaioterrira, Gasteizera. Urtarrilaren 23an izan zuten neskaren eta urruntze agindua zeukan bikotekidearen berri. Gero, joan egin ziren hemendik. Baina maiatzaren 18an bueltan ziren eta orduan ere izan zuen Ertzaintzak kontaktua bi pertsona horiekin... Zailtasunaren aldarria ere, nolabait, ulertzeko modukoa da poliziaren ikuspegitik. Neskak berak esan omen zien, urruntze aginduak urruntze agindu, bikotekidearekiko harremana berregin nahi zuela, eta ez zuela bere burua arriskuan ikusten. Ez da, nonbait, erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen pertsona bat babestea.
Erro-errora jo beharra dago indarkeria matxistaren izurrian. Azken katebegia baino ez luke izan behar poliziak. Eta poliziaren ikuspegiak bestelakoa behar luke. Ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen emakumea babestea; errazagoa da bi komertzio-jaberen lau deiri erantzunez kalean dabilen marokoar gazteari argi urdinak kokotean eranstea.
HITZ ETZANAK
Ez da erraza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu