Nafarroako azken bertsolari txapelketan jarri zieten gaitzat bertsolariei: «Ze kantu aukeratuko zenukete Euskal Herriaren ereserki izan dadin?». Seiko motzean ari ziren, eta adierazteko konplikazio handiegirik gabea izan behar zuen hautuak. Presarik ez duen entzulearen erosotasunetik, kantu aukeratua Beti eskamak kentzen izan zitekeela pentsatu nuen. «Eskamak» 22 aldiz errepikatzen kokoloenak ere asmatzen du. Eta gainera, badu zerbait kantu horrek, hamarraldiz hamarraldi funtzionatzera eraman duena. Geuk galdetu eta geuk entzun: «Nor gera gu, zer gera gu? Euskotarrak gera gu!». Birritan, zalantzarik gera ez dadin.
Gustatu egiten zaigu zer garen argi adieraztea. San Simon eta San Juda kantuan ere, pasarte batek ahalbidetu du kantuaren biziraupena. Uda joan zela eta negua heldu dela edo eremu latz honetan pobre bizi garela kantatzeak baino gehiago eragiten digu azken epaiak: «Euskara dugu guk, gu gara euskaldunak!». Gauza bera Ikusi mendizaleak abestian. Gure mendi eta zelaien edertasuna aipatzea ongi dago, baina benetan indartsua bukaerako sententzia da: «Gora, gora, Euskal Herria! Gu, euskaldunak gara, Euskal Herrikoak!».
Naziometroaren datuak argitara eman dituzten honetan, esango nuke dena ez dela datu eta oro ez dela ehuneko. Herri baten identitate nahia kantuen biziraupenean ere neurtzen da...