andoni egana

Etxebizitza

2024ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Duela urte batzuk, senitarteko urrun batek adarra jo nahi izan zion bertsolari bati: «Zuek, orain, abuztuan, urrezkoak egingo zarete, noski!». Ez zegoen barkatzeko bertsolaria. Bazekien nor zeukan aurrean eta zorrotz erantzun zion: «Gu urrezko? Hik pisu bakar bat salduta gehiago irabazten duk, bertsolari guztiok abuztu osoan batera baino». Zizareak berotzen hasi zitzaiona etxe-eraikitzailea zen…

Joan zen larunbatean Bilbon etxebizitza eskubidea bermatzea aldarri zuen manifestazioko argazkiei begira egon natzaie. Edozein kultur, gizarte edo politika ekimenen ondorengo balorazioetan, ohituak gaude «gazte asko zen» esaldia behin eta berriz entzutera. Antolatzaileak nahi izaten du gazteen presentzia, edozein dela ere, kausak aurrera segituko duela adierazten baitu horrek. Ez da beti egia izaten. Bilboko manifestazioaren kasuan bai, ordea. Argazkiei erreparatzen badiezue, gazteak ikusiko dituzue pankartan eta pankartaren atzean. Edadeko gutxi. Etxebizitzaren arazoa oso indibiduala dela sinetsarazi digute. Norbere kontua. Eta bakoitzak geure arazoa konponbidean jartzen dugun unetik —«ez da bidezkoa baina hala beharko du» sinetsita— ahaztu egiten gara gainerakoez. 

Adin guztiotakoon erantzuna premiazkoa da. Lagun bertsolariak isildu egin zuen etxe-eraikitzailea. Baina hark, ahoa itxita eta sakela zabalik segituko du…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.