Etxean egoten ez dakien jendeak maxiatzen du mundua. Beti etxe zuloan sartuta ez zara egongo. Irten ere egin beharra dago. Eta irteera bat, inguruan sarri samar sumatu izan dudana, Madril izan daiteke. Behin Madrila joanda, haurren aitzakian edo haurren premiarik gabe, hemen jiran nekez aurkituko duzun zerbaiten bila joango zara. Esaterako, musikal bat. Haur euskaldun dexente izango da Madrilen El rey león ikusitakoa...
Etxean egoten ez dakienaren adibide gorena enpresaria da. Irten, ekin... eta gero gerokoak. Enpresari hori buru gutxikoa, bihozgabea edo biak batera bada, arazoak sortzen dira. Orain jakin dugu musikal horietako askotan tranpa darabiltela. Grabazio bat egin, eta hura jartzen dute emanaldietan. Zuzenean eta aldiro joko duten musikariei ordaintzea baino merkeagoa da nonbait play bati ematea. Fosoa hutsik; sakela beteta.
Etxetik irten eta emanaldira joan diren gehientsuenei berdin zaie. Irten dira. Ondo pasatu dute. Haurrek ere bai. Sakelak betetzeko etxetik irten zenari, bost axola zaio. Legeak estutzen ez duen bitartean nahi duena egiten segituko du. Etxean geratu dena, derrigor, biolin-jolea da. Hondoa jota dago. Ez dauka gogorik biolin-kaxa zabaltzeko ere. Bere umeak bideo zahar bati begira entretenituta dauzka...