andoni egana

Etxe eraitsiak

2025eko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun

Adierazpen eremu zabala harrapatzen du etxe hitzak euskaraz. «Ze etxetakoa haiz?» galdetuko zuten lehen, norbaiten aztarna atera nahi zutenek. Eta ez, esaterako, «ze familiatakoa haiz?». Etxeak dena adierazten zuen: kokalekua, jatorria… 

Duela urte mordoxka bat, Iñurrategi anaiekin dokumental bat egiten ari ginela, etxe hitzak eman zizkigun gure buruhausteak. Goi kanpalekuetan aklimatazio bolada txakur bat eman ondoren «kanpaleku nagusira jaistea etxera itzultzea izan zen guretzat» idatzi genuen hasieran. Ez gintuen asebete esamoldeak. Uler zitekeen etsi eta Euskal Herrira itzuli behar zutela, eta ez zuten horrelako asmorik. Azkenean, «…sutondora itzultzea izan zen guretzat» ipini genuen. Gazteleraz ere bereizi egiten dira casa eta hogar, eta azken honen izter-lehengusu da hoguera. Sua. Supazterra. Sutondoa. 

Gazako herritarren itzulerako argazkiek ekarri didate gogora etxearena. Herritarrak trumilka, oinez gehienak, bizkar zorroak eta poltsak hartuta. Inurrien armada dirudite. Badoaz, baina nora? Etxerik gabeko etxera. Paradoxa mingarriagorik! Kasu honetan, sutondoa edo supazterra ia hobe ez aipatu, su etenera ere iristen ez den menia honek arnas apur bat hartu ahal izatea baino ez baitie ekarri palestinarrei. Kanpaleku gehiegi dago munduan; nagusiak gutxi, baina bortitzak. Eta etxe eraitsi gehiegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.