Donostian abiatu eta Itziarren helmuga. Hirurogeita bederatzigarrenez aurten. Fededunen martxa da. Jendetsua. Aurtengo leloa: Zoriontsu? Bai. Zergatik ez? Iluntzeko zortzietan abiatu dira Ondarretatik, eta gauerdi aldera heldu dira Zarautza. Pausoen erdiak emanak, eten bat egiten dute ibilaldian.
Ordu berean, leku bertsuan, errepide nagusira ematen duen ostatu bateko terrazan, Literaturia jaialdiaren antolatzaile, parte hartzaile eta jarraitzaile batzuk berriketan ari dira. Amaitu da Kalakanen kontzertua eta hitz-aspertuan ari dira, ordura artekoen balorazioa egin eta iganderako geratzen zaizkien lanak xehetzen. Maite dute egun baten eta bestearen arteko etenaldi hau. Erlaxazio une bakarretakoa izaten dute egunetan. Gainera, aurtengo jaialdiaren gaitzat eten hitza aukeratu dutenez, zilegi ez ezik premiazkoa ere bada etena.
Martxa hurbiltzen ikusi ahala mututu dira terrazakoak. Bazenik ere ez zekiten batzuek. Beste askok jakin bai, baina ez zuen gogoan. Presaka zutitu da literaturazaleen artetik taldeko argazkilaria. Eta errepidearen bestaldera jo du azkar. Martxakoak harrapatuko ditu lehen planoan eta terrazakoak agertuko dira atzealdean. «Etenik etenenaren argazkia aterako dut. Kostako da hobea egiten!», esan die lagunei, abiatze unean.
HITZ ETZANAK
Etena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu