Estanpak santu-santenak izaten ziren. Fededunek gorde egingo zituzten, begiak haiengana bilduz errezatu egingo zuten eta muin emango zieten amaieran, eskaerak errazago bete zitzaten.
Santu-santen irudi haietatik abiatuta, estanpa hitzak bestelako hedadura bat ere hartu zuen. Liburuetako edozein argazki edo marrazkiri deitzen zitzaion estanpa. Irakurtzen hasi berritan, estanpadun liburuak estimatuak ziren, abegitsuak. Batere estanparik gabeak, aldiz, zokorra baino lehorragoak, hitza, hitza eta hitza, begi-gogoak inon egurastu ezin.
Gure herriko Euskal Jaiek ehun urte bete dituzten honetan heldu zait gogora estanpa hitza. Gure arbasoek hala deitzen zieten gerora karroza deitu diegun horiei. Garai bateko jardunen errepresentazio bat. Baserri atari bat, errio ertzeko ontziola bat, ehuleak lanean, belarretan ari diren baserritarrak... Antzezlan erdi-izoztua. Estanpa. Horrelako asko eta asko egin izan dira gure herrian joan den mende honetan. Zenbaitentzat ikuspegi tradizionalegia islatuko dute. Arte adituek ez diete balio handirik onartuko, imitazio soilean oinarritzen den zerbait direla eta. Nik ez dut iritzirik. Baina ez zait ahaztuko oso gertuko zaidan batek Cristina Iglesiasen Hondalea ikusi zuenean eman zuen epaia: «Estanpa horri, ederragoa izateko, falta zaizkio pare bat ume salabardoarekin ixkiretan».