Trajez jantzitako gizonezkoen eskuak baino gauza amorragarriagorik ez da izango. Han eta hemen sarri-sarri hauteskundeak ditugun garaiotan aisa nabarmentzen da hori. Eskuak. Han daude eta ez dakizu zer egin beraiekin. Patrikan sartu? Ezetz esango dizu irudi arduradunak. Alde banatara erortzen utzi? Ezetz. Zurrun itxura ematen duela horrek. Irtenbide bakarra da nonbait, sabel parean eskuak elkarri katigatzea, balizko boligrafo bati eusten edo zigarro bat biltzen ari bazina bezala.
Antzeman egiten diezu eskuak non sartu ez dakitela dabiltzala, nahiago luketela une batez galdu izan balituzte. Baina, itxura denez, hori da arrakastarako bidea. Eta esku jarrera horrek berdintzen ditu, esaterako, Imanol Pradales eta Jordan Bardella.
Hotz egingo zuen Altsasun apirilaren 25ean, Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin zuen egunean. Gizonezko trajedunik ez da ageri. Horrexegatik edo, guztiek sakeletan sarturik dituzte eskuak. Txamarrarenetan batzuk. Galtzetakoetan beste batzuk. Batzuk baserritar erara eta beste batzuk kalekoen modura. (Aldea xeheago azalduko dizuet hurrengo batean). Nolanahi ere, haientzat eskuak ez ziren arazo. Esku hartzeak bai. Guardia Zibilak isuna jarri die aurrez baimenik eskatu gabe 22 lagun biltzeagatik. Esku onetan gaude!