andoni egana
HITZ ETZANAK

Eskuak

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Saski bete esku. Hala itzultzen ziren Leopoldo II.a Belgikako erregearen armadako soldaduak oihanetik herrigunera. Afrikako Kongo inguruko lurraldeak menperatzeko 19.000 laguneko armada bat zeukan.

Europan bizikleta, automobil eta gainerakoen pneumatikoentzat kautxua premiazko bihurtzen hasi zenean, Afrikan aurkitu zuen pagotxa Leopoldo erregeak. Emakume eta haurrak bahitzen zituzten eta gizonezkoak oihanera bidaltzen, arbola azalei kautxua erauztera. Eguneko hainbeste bildu ezean eskua mozten zieten eta esku horiek aurkeztu behar zizkieten soldaduek beren agintariei. Ez hori bakarrik. Balak ez zeuzkaten nonbait alferrik galtzeko, eta erabilitako balako esku bat aurkeztu behar izaten zuten agintaritzan. Irudika daitezke soldaduak, mozkorraldian arbola-ipurdi bati tiroka nork non joko, eta hurrengo goizean, gastatutako bala bakoitzeko bertako bati eskua moztuz.

Egunotan jakin dugu berriro minbizi probak egiteko prest daudela Donostiako Onkologikoan. Egon dira egin ezinda. Izan ere, teknezioa falta zitzaien, elementu kimiko horren hornitzaileak matxura bat izan zuelako. Belgikan dago teknezioa sortu eta mundura zabaltzen duen zentral nuklearra. Sintetikoa da teknezioa. Eskerrak! Afrikarren eskuak ez daude gure esku. Edo bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.