andoni egana

Eskolan

2025eko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nerabe baten begi-belarrietara, kontakizun soilak badu aski indar. Gerra garaia. Bilbo erortzear. Euzko Jaurlaritza sortu zela zortzi hilabete. Eta Osasun sailburua Frantziara doa. Hemen eskasten ari diren botikak lortzeaz gain, tuberkulosiak jotako haurrak hara eraman ditzakeen ikusi nahi du. Frantzian dagoela, Bilbo erori dela jakingo du. Gera zitekeen bertan, baina gainerako gobernukideengana itzultzea erabakiko du. Santanderra zetorrelakoan, hegazkin pilotuak traizioa egin eta Zarauzko hondartzan utziko du. Han, frankistek atxilotu eta Gasteiza eramango dute. Bi egunen buruan fusilatuko dute…

Kontakizun soilaz gaindiko ikasgaia ere eskaini zuen. Irakurtzekoa da hil baino bi ordu lehenago Agirre lehendakariari idatzi zion gutuna. Ideal batzuekiko tinkotasuna, gertuenekiko ardura eta kezka, aurkari presoekiko sentiberatasuna… adierazten du, hitz gutxian eta letra dardararik gabeaz.

Irakasle gazte baten larruan jarri naiz. Bestelako karrera bat egin zuen, baina irtenbiderik ez, eta irakasleentzako masterra egin ondoren eskola kontzertatu batean hartu dute —behin-behinerako, jakina— erlijio eskolak eman ditzan. Erlijioa? Bataiatu gabea da. Ez du sekula errezorik egin. Ez daki Bibliaz deus. Eta? Alfredo Espinosa sailburuari omenaldia egin dioten honetan, konturatu da pare bat asteko eskolak zeren jiran eman baduela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.