andoni egana

Eskamak

2025eko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteetan iraun du Beti eskamak kentzen kantuak herritar xeheon gogoan. Oraintsu arte behintzat bai. Badu bere logika iraupen horrek. Ahapaldi bakoitzean hamaika aldiz —kasualitatea ere lagungarri!— esaten da kentzen hitza, eta ondorioz, ikaserraza da oso. 

Baina ez datza horretan bakarrik abestiaren arrakasta. Jarduera errutinarioa den garaian, eskamak kentzen eta kentzen ari garen bitartean, doinu-erritmoak errepikakorrak dira. Gero, kolpera, norberak galdetzen du eta norberak erantzun. Argi. Itzulingururik gabe. «Nor gara gu, zer gara gu? Euskotarrak gara gu». Birritan gainera. Autoafirmazio erabatekoa. Baina beti iruditu izan zait tranpatxo bat badagoela norberak galdetu eta norberak erantzute horretaz gain. Nor gara? Euskotarrak. Zer gara? Euskotarrak. Nortasunari eta zertasunari erantzun bera emanda askietsi izan dugu…

Garaiak aldatu dira, ordea. Nortasun baten baitan zertzelada baino gehixeago diren zertze modu desberdinak badaude. Datorren asteburuan egingo du Donostian PNV-EAJk bere Batzar Nagusia. Nor horren barruan zer diren kokatzen ahalegindu beharko dute. Ezusteko handirik ez dut espero. Ezustekoa litzateke, adibidez, burukideren batek honakoa proposatzea: «Euskarazko izena aldatu behar diogu alderdiari. Jainkoa eta Lege zaharrak zaharkituak geratu dira». Eskemak apurtuz kentzen dira eskamak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.