Ez da erraza Arantzazurekiko atxikimendu berezirik sentitzen ez duenari zurea zertan zedarritzen den azaltzea. Kontatuko diozu umetan han egin zenituztela lehen udalekuak, artean udaleku izenik ere ez zenean; kontatuko, hango arte-pilaketak txunditu egiten zaituela —Oteitzaren apostoluek eta jartzeko izan zituen zailtasunak, Basterretxearen margolanak eta fraideekin izan zuen zirripi-zarrapa…—; Urbian eta Aizkorrin pasatutako egun zoragarri askoren sarbide ezinbestekoa dela… Zure Arantzazumina aurkezteko mila azalpen emango dituzu, eta askotan ez zaituzte ulertuko.
Badut orain argudio bat gehiago, atzoko berripaper honen azken orrialdeko elkarrizketari esker. Iñigo Garcia EHUko Arkitektura irakasleak zioen, eskailerez eta eskaileren funtzioaz ari zela, eskailerek normalean podium bat sortzen dutela, baina badirela kontrako kasuak ere. Adibidetzat jartzen zuen Arantzazuko elizarena. Sartzeko eskailerak jaitsi egin behar dira. Ez nion inoiz erreparatu zertzelada horri…
AEBetan inon baino gehiago azpimarratu izan da eraikinetako eskaileren podium izaera. Milaka lagunek igotzen dituzte urtero Rocky Balboa boxeolariak Filadelfiako Arte Museora igotzen zituen 72 eskailera mailak. Orain, beste txanberlain honek Marterainoko eskailera bat egin nahi du, eskailera-burutik zer egin behar dugun agintzeko…