Aski betea zihoan trena. Nik ozta-ozta harrapatu nuen eserlekua, baina, hurrengo geltokietan irten baino sartu jende gehiago egin zenez, iritsi berriak zutik joatera beharturik zeuden. Halako batean, adineko emakume bat eta 8-10 urteko haur bat ikusi nituen, sartu berritan, lekurik gabe, zutik. Emakumea ni baino puska bat zaharragoa zenez, hurbil zedin imintzio bat egin, jaiki eta eserlekua utzi nion.
Herrikidearen begirada poetikorik gabe, hurrengo minutuak bultzi-leihotik begira eman nituen. Ez neure burua gizandi irudikatzeraino, baina harro egindako obra txikiaz. Hurrena utzitako eserlekura begiratu nuenean… ezustekoa. Bilobatzat jo nuen 8-10 urteko umea zihoan eserita, eskuetan zeraman sakelakoari adi, eta adineko emakumea zutik, barra bati heldu, eta aldakak trenak eragindako erritmoan dantzan.
Tontoa nintzela pentsatu nuen lehenengo. Gero, eserlekua lurralde okupatutzat jotzea otu zitzaidan, eta sofistikatuagoak izan ziren nire pentsamenduak. Zer nintzen ni, 1948an eserlekua utzi eta, palestinar eta israeldarren artean gertatzen zena gertatu, eskuak garbituz alde egin zuen Britainia Handi hura? Edo nintzen gaur egungo Nazio Batuak, ikusteko gai baina interbenitzeko ez? Edo nintzen Europar Batasuna, beti leihotik begira? Labur gertatu zitzaidan bidaia. Umeari ere baietz egingo nuke. Amonari…