Lanpetuta ibiltzeak erre egiten du pertsona; lorik ezak mingostu; luzetsita egoteak odoltxartu. Ulertzekoa da hori. Osasungintzaren edozein arlotan lanean ari direnen azken bi urteak ez ziren gozoak izango. Baina ez zait gustatu.
Lorik egin gabeko guardia baten ondoren idatzi zuen txio bat Laura Tomas medikuak, Araban Osakidetzako Pneumologia saileko buruak. «Teoria asko txertoei buruz. Baina erietxean dauden txertatu gabeek ez digute Tocilizumab hartzearen ondorioez galderarik egiten». Bira asko eman zuen txioak ordu gutxian. Atsegin dut mordoa pilatu zuen. Baina, niri, ez zait gustatu.
«Esan ez nizun ba, nik!» da gurasokeriak gehien maite duen leloa. Goitik behera eta ura pasatu eta gero egiten den errieta-modua da. Gurasoak esan dio gaztetxoari larunbat gauez aterkia hartuta joateko kalera, oso eguraldi narratsa dagoela eta. Gaztetxoa aterkirik gabe irten da eta blai etxeratu. Eta igande eguerdiz, doministikuka hasi denean, bota dio gurasoak «esan ez nizun ba, nik!» betikoa. Ez da autoritatea indartzeko sistemarik onena. Hurrengo asteburu euritsuan ere aterkirik gabe irtengo da gaztea. Ez dio batere onik egin gurasoak zeinen burugabea den gogorarazteak. Esan ez nizun ba, nik!-tarren bidetik ez da sekula emaitza onik lortzen.
HITZ ETZANAK
Esan nizun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu