andoni egana

Esan/entzun

2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Kexu zen adineko emakumea. Suhar ari zen, eta nahi gabe, baina entzun egiten nituen bere hitzak. Emakume gazte bati ari zitzaion erretolikan. Eskuak ez ziola onera egiten; ez zuela batere hobekuntzarik sumatzen; txindurritua zeukala guztiz; etsia hartzen hasia zegoela; esku hura ezin zuela ezertarako baliatu… Emakume gaztea adinekoaren etsipena goxatzen ahalegindu zen. Denbora kontua izaten dela osatzearena, izateko pazientzia pixka bat, etorriko zitzaiola apurka-apurka, eskua lehengora. Baina ezkortasunean ainguratua zegoen solaskidea.

Halako batean, gazteak zidor berria ireki nahi izan zion berriketaldiari. «Eta medikuak zer esan dizu?». Bat-batean erantzun zion: «Medikuari esan diot…» Grazia egin zidan. Emakume hura esaten hobea zen entzuten baino.

Atzo, ordea, Garbine Ubedak Asier Iturralde Gaston komikilariari egindako elkarrizketa irakurri nuen egunkari honetan. Pertsonaia sinesgarriak sortzeko enpatia beharrezkoa den galdetuta, honela erantzun zuen komikilariak: «Kalean ikusitako pertsonek ez didate gauza handirik iradokitzen berez, baina hizketan entzunez gero, burua lanean hasten da berehala. Denok oso antzekoak garela esango nuke…». Eman zidan zer pentsatua. Ni ere, medikuak zer esan didan galdetu, eta «medikuari esan diot» horietako naiz. Zertarako bigarren iritzi bat geurea baldin badaukagu? 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.