Behetik gorakoa protesta izaten da. Edo kexua. Errieta beti da goitik beherakoa. Errieta egiten dio haurrari gurasoak, esana betetzen ez badu; errieta, irakasleak egiten dio ikasleari behar hainbat saiatu ez bada; errieta, nagusiak egiten dio langileari zerbait oker egin duela iritzita. Euria bezain goitik beherakoa da errieta… Eta jasaten duenari min emango dio, batik bat errietaldia jendaurrean izan bada, nahiz lekuko anai-arrebak, gelakideak edo lankideak izan.
Errieta, gehienetan arlo pribatuan ematen delako edo, oso gutxitan iristen da hedabideen lehen orriko titularretara. Atzo, ordea, guztiok irakurri ahal izan genuen hizki larritan: «Trumpek errieta egin dio Zelenskiri Etxe Zurian, eta ez dute akordiorik itxi». Munduaren jabe dela pentsatzen duen gizon horrek uste duzue baduela konplexurik arlo pribatua eta publikoa komenentziara nahasteko? Berak dena goitik beherako bihurtzen daki.
Kezkagarriena da gure «errieta» eta gaztelerazko «reyerta» senide bikiak direla. Errieta ez da soilik bronka botatzea, kargu hartzea edo erretolika zuzentzailea. «Errietan ibiltzea», guretzat, xextran jardutea ere bada, borrokan aritzea. Trumpek bi adierak bateratzea lortu du euskararen arrastorik izan gabe. Kargu hartzen du eta borrokan hasten. Eta gainera, Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean ibiltzea besteri egozteko adinako azala du.