Erredundantziena mundutxo txiki interesgarria iruditzen zait. Gehienetan gure logika faltaren salatari izaten da erredundantzia. «Irten kanpora!», aginduko digute. Eta nora irten behar dugu ba, kanpora ez bada! «Jaitsi behera!» entzungo dugu, jaisteko modu bakarra behera egitea denean.
Erredundantziaren eta errepikapenaren mugakotzat jo genezake hain purian ipini den eskerrak emateko modu hori ere. «Mila mila esker!» entzungo dugu orain sarri-sarri, batik bat ikus-entzunezkoetako esatarien ahotan. Ez dio logikarik ezari erantzuten, beste zerbaiti baizik. «Mila mila esker» dioena kobratzen ari da bere lanarengatik, eta eskertua, ez. Zer gutxiago milari beste mila eranstea baino!
Atzo, berripaper honek lehen orrian zekarren Uztaritzeko kolegio katoliko bateko «bortizkeria» salatu dutela ikasle ohiek. Barnealdean, berriz, testigantzaren batzuk. Hala zioen batek, jasandako kolpeei buruz: «Ukabila hetsirik, gibeletik ematen zizkiguten; izugarri min ematen zuen eta denok konkorrak bagenituen gero». Hetsi gabeko ukabila ukabil balitz bezala! Ukabil hetsia erredundantzia da. Baina ez da hori larria. Kezkatzekoa errepikapena da. Zenbat kasu horrelako ari da azaleratzen gisa horretako tokietan! Zerua beti jomugan zutelako edo, mundutxo txiki itoa ziren, hetsia. Egindako lana eskertzen lanik ez dugu izango behintzat!