Lehen orrian bezala, azkenengoan. Bietan, gure inguruan euskarak duen presentzia txikia nabarmen.
Lehen orrian, Baionako besten data aldaketa dela eta feriatzaileek egin duten protestaren berri. Argazkian, feriatzaileen kamioi bat —frantziar bandera ikurrina baino leku lehentasunezkoagoan— muturrean eskuz idatziriko pankarta bat duela. Haserre daudela diote feriatzaileek, pertsonak direla, eta ez txotxongiloak. Frantses hutsean. Azken orrian, berriz, Donostia Gastronomika kongresuari buruzko erreportajearen azken hitzak honakoak ditu Enekoitz Telleria Sarriegik: «…baina apenas entzuten da euskararik hitzaldietan eta erakustaldietan. Gastronomika magazine aldizkaria gaztelera hutsean dago. Osagai nagusia ahaztu egin zaie, nonbait».
Nahiz euskaraz kontatzen dugun, ia dena erdaraz gertatzen da hemen. Mugaren alde batean zein bestean. Lehen orrian eta azkenengoan. Jan-edateko orduan eta jolaserakoan. Ispilu efektu hori baliatuz, eta jolasari uko egiteko asmorik ez dudanez, Baionako bestek noiz behar luketen proposatuko dut. Ez abuztuaren hasieran eta ez uztailaren erdi aldera. Izan behar lukete, ekainaren 24tik uztailaren 6ra. Ez da ba Leon hiriko patroia? Bere laburrean, Leon/Noel palindromo polita da. Eta abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra bitartekoaren ifrentzua da sanjoanetatik sanferminetarako tarte hori…