Ukituak, bertsioak, eranskinak... artelanak denetik onartzen du. Hori aintzat hartu gabe aritu zen atzo Espainiako Diputatuen Kongresuan Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularraren burua. Goizez, Pedro Sanchez sozialistak Antonio Machadoren hitz batzuk erabili zituen: «Gaur beti da oraindik» edo tankerako zerbait. Arratsaldez, Feijook aurpegira bota zion zitak ere nahieran erabiltzea. Propio moztu zuela Machadorena, osorik horrela zela: «Gaur beti da oraindik, eta bizitza osoa da orain. Eta orain, orain egin genituen promesak betetzeko garaia da». Ongi zetorkion esaldi osoa bere diskurtsoa zedarritzeko. Baina... segituan ohartu zen norbait. Feijoori ongi zetorkion esaldi hori Ismael Serrano kantari madrildarrak erantsia zela.
Feijoo hanka-sartzeak zapuzturik geratu bada, kontsolamendu gisara, jakin beza artean horrelako asko pasa izan dela. Elmyr de Hory izeneko artelanen faltsifikatzaile ospetsu bat izan zen, Matisse, Modigliani, Chagall, Picassoren... artelanak faltsifikatzetik aberastu zena. Behin, Picassorena zelakoan 100.000 dolarretan saldutako koadro faltsu batek eroslearen susmoa piztu zuen. Picassori berari eraman zion, berea ote zen galdetuz. Picassok bekainak harrotu zituen. «Prezio horretan saldu bada, nirea izango da, bai», erantzun zuen.