andoni egana

Epea

2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Laurogeita hamar egun. Bizitzaren ze garaitan zauden, ez dute 90 egunek eragin bera izango. 90 urteko pertsonarentzat apenas ezer gertatuko den 90 egunean. Akaso ajeren bat erantsiko zaie lehendik dituenei. Litekeena da medikuak pilula berriren bat harraraztea. Hilabetetako umeari, berriz, 90 egunean denetik gertatuko zaio: atapurruka ibiltzen asmatuko du, lehen hortza bistarazten hasiko zaio, lehen aldiz «ama»-ren antzeko zerbait esaten ahaleginduko da... 23 urteko gaztearentzat, berriz, mundua irauliko da 90 egunean: bikotekidearekin hautsiko du, beste batekin hasiko da, bukatuko ditu ikasketak, hasiko da lanean, utziko du lan hori gaizki ordaindua zegoelako, beste baten bila dabilen bitartean Wallapop-en txirrinda bat erosiko du…

90 eguneko epea ez da deus eta izugarri da. Nor-noiz harrapatzen duen. Atzoko albistea da, Donald Trumpek herrialde gehienei muga zergak 90 egunez atzeratuko dizkiela iragarri ondoren, Europako Batzordeko buruak, Ursula von der Leyenek, neurri berarekin erantzun diola. Hiztegira itzuli da nonbait diplomazia hitza.

90 egun. Egutegia hartu eta zenbatzeari ekin diot. Gaurtik hasita 90 egun. Sanferminetan bete-betean harrapatuko gaitu epearen amaierak. Baina hasierako txupinazotik baino hurbilago pobre de mí-tik. Orduan zer gertatuko den? Auskalo! Bat baino gehiago hasia dago dagoenekoz «erruki gu!»-ka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.