Umetatik ikasi genuen esaldia da: «Hitz egin dezatela nitaz, gaizki bada ere». Eta grazia egiten zigun, pertsona arruntok, gaizki izatera, gutaz ez hitz egitea hobe zela sinisten baikenuen begi itsuka.
Gerora ikasi dugu asko bizi dela esaldi horretan oinarriturik. Eraman ona eta azala baino ez direla behar. Donald Trump presidenteak azken muturreraino luzatu du esaldiaren logika. Kongresuan agerraldia egin berri du. Ez du deus berririk esan; ez du ekimen berritzailerik proposatu. Baina sekulako audientzia lortu du telebistan: 49 milioi ikusle. Lautik hiruk bere jarduna egokia izan zela dio, gainera! Trumpen esaldirik burutsu eta konplikatuena izan zen: «Estatu Batuak ez dira inoiz sozialista izango!». Eta okerrena da horrelakoei jokoa irabazteko modu bakarra bere jolasean sartzea dela erabaki dutela oposiziokoek ere. Xouari xoua.
Entretenigarritasuna da nonbait pertsonon ardatz berria. Hesiak eraiki eta kartzelak betetzea, komeni den herrialdeei blokeoak ezartzea, gerrak piztu eta jendea hiltzea... dena da eramangarri modu entretenituan aurkeztuz gero. Ongi datorkio hori askori. Entretenituhitzak, erroan, ez baitu esan nahi «bitartean menpean eutsi» besterik. Eta xaloa eta polita zirudien, batere arriskurik gabea!
HITZ ETZANAK
Entretenitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu