andoni egana

Enplastoak

2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Elkarbizitza beti da zaila. Herrietan autoak ugaritzen hasi ziren sasoi hartan gure arbasoetariko batek kalearen erdi-erditik ibiltzeko ohitura omen zuen, paretik ken zedin erregutzen zioten bozina-hotsei jaramonik egin gabe. Alabak kargu hartzen zionean, «Apartatu? Zergatik? Ni horiek baino lehenagokoa naun hemen!» erantzuten omen zuen. Egoskorregia aukeran. Baina...

Kantabria eta Leon arteko herri txiki batean sortu berri da istilua. Udalak agindu die abeltzainei behi, ardi eta zaldien gorotzak garbitu behar dituztela  —txakur jabeek egiten duten gisan— herrigunean enplastoren bat egiten dutenean. Abeltzainak aurka azaldu dira. Ostatu, taberna, landetxe eta gainerakoen jabeek udalari eskatu diote ahalik eta azkarren jartzeko indarrean legea.

Ingurumenaren Eguna izan zen atzokoa. Kontua ez da nor den lehenagokoa non. Antzinatasunak ez lioke batari edo besteari arrazoirik eman edo kendu beharko. Ze herri ereduri eragin nahi diogun da gakoa. Eta horretan, abeltzainek begirune handiagoa sortzen didate, naturak, edertasunak eta araztasunak erakarrita tarteka hara azaltzen diren turistek baino. Huskeriengatik kexu direnak antzarak ferratzera bidaliko nituzke nik. Baina orduan ere kexatu egingo lirateke, oin-hotsek loa galarazten dietela eta...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.