andoni egana

Ehuneko zenbat?

2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela ez hainbeste, bideo bat ikusi ahal izan genuen, non pertsona gazte batek aitortzen zuen ez zituela bertikala eta horizontala kontzeptuak bereizten. Larria iruditu zitzaidan. Batik bat, zutikako eta etzan bereizten ez dituenak gizartea nekez eraldatuko duelako. Etzanerako joera handiagoa izango du, otzanerako, zutik jartzeko baino.

Bide bertsuan, duela urte mordoxka bat unibertsitate batek bertan egindako galdeketa xume baten emaitzen berri eman zuen. Ikasleei galdetu ea %100 baino gehiago bazitekeen, eta gehienek ezetz erantzun zuten. Ez zitekeela %100 baino gehiago den deus izan. Galdera bera ere bazen aski tranpatia, baina erantzunen okerrari arrazoiren bat aurkitzen saiatu ziren. Adituek esan zuten gazteak ohituak zeudela pantailetako infografiatara. Hauteskunde gauetan, esaterako, emaitzen berri tarta moduko horiekin iristen zitzaiela, eta tarta horietan, %100 baino gehiago ez litekeela.

Eskerrak orain estaturik handienak hasi diren Hezkuntzatik konpon ez dezaketena Defentsatik konpontzen! Atzoko albiste nagusia honakoa zen: «Europako herrialdeek %155 handitu dute armen inportazioa azken bost urteetan». Beraz, bazitekeen %100 baino gehiago. Lastima da armen joan-etorriaren bidez frogatu beharra! Militarizazio neurrigabe honek helburu bakarra du gainera: zutik daudenak etzatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.