Hala kantatu zigun Xabier Letek: «Aurrean papera ta atzean papera, periodikua letuz ilustratzen gera». Bihar, ordea, faltan izango duzue aurreko paper hori...
Pertsona oso edadetu batek, Urteberri egunean egunkaririk ez zela izango eta berriketan ari nintzela, kontatu zidan nerabetatik bere biziorik handiena egunkaria erostearena izan dela. Sakelan txanponen batzuk biltzen hasi zenetik, eskolarakoan lehenik, lanerakoan gero, eta jubilatu ostean gosari ordurako, ezinbesteko laguntzat daukala egunkaria. «Egunkarietan gastatu dudana gorde izan banu, orain aberats izango ninuke!», bota zidan gogoeta. Etxera itzuli, eta kalkulua egin nuen. 1,70 euro, egunkari hau, esaterako. Urtean 600 euro pasatxo. Egungo etxebizitza baten batez besteko salneurria 310.000 eurotan jarrita, 500 urte beharko genituzke egunkaria ez erostearen truke etxebizitza bat lortzeko.
Hurrena ikusi nuenean, egunkaria erosi/ez erosteak inor ez duela pobretu/aberasten esan nion. Bueltarik ez zuen adibide bat jartzen saiatu nintzen: «Juan Sebastian Elkano atzo hil balitz eta bere garaietan egunkaririk izan balitz... jaio zenetik hil arte propio egunkaririk erosi gabe etsi izan balu, orain lortuko zukeen etxebizitza bat izatea». Ez zidan jaramon handirik egin. «Hik nahi duana esango duk baina hark ez dik asteazkenean faltarik sumatuko. Nik bai...», esan zidan.