andoni egana

Egon/Ibili

2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Egon eta ibili. Bi kontzeptu pertsona guztiongan daudenak. Batzuk badira egonzaleak; besteek ibiltzea dute maiteago. Batzuk badira edozein unetan kalera jotzeko prest daudenak. Edo autoa, busa edo trena hartu eta edonorako perezarik ez dutenak. Besteek etxean bertan goxo egotea hobesten dute.

Etxebizitzen salneurri lotsagarriaz ari ginela, Xapre lagunak behin botatakoa ez zait oraindik ahaztu: «Nik, diru puska bat baneuka ere, ez nikek sekula Zarauzko itsasertzean edo pisurik erosiko. Badakik zenbat balio duten? Hainbeste ordaintzen baduk, gero etxe hura aprobetxatu egin behar duk. Beti etxean egon behar! Eta niri, batetik bestera ibiltzea gustatzen zaidak!».

Atzo azaldu zen albisteetan. Europako diru-funtsen banaketan, sosik gehien jaso duten enpresen artean badira lau gipuzkoar: CAF, Sukia, Amenabar eta Irizar. Atentzioa eman zidan. Izen handiko enpresak lauak ere, bik etxeak egiten dituzte. Beste biek, trenak eta autobusak. Perretxiko eta Rolexena etorri zitzaidan burura. Europatik zer ari dira bultzatzen? Zer egin behar dugu, egon ala ibili?  Biak, noski. Bakarra egiten duenik ez da. Baina onar dezagun, aurrerantzean aberatsenen eta pobreenen arteko arrakala sakonduz badoa  —itxura osoa du hala izango dela— egoteko duenak izango duela ibiltzeko ere. Eta ibiltzeko ez duenak ez duela egoteko ere izango. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.